AU PAIR BATEN BEGIRADA

Euskal Herrian ohikoa ez den arren, munduko hainbat lekutan Estatu Batuetan, Frantzian, eta Ingalaterran adibidez, oso zabalduta dago etxeko haurren zaintzaz arduratzen den pertsona bat familiarekin batera bizitzea. Hau da, Au Pair-a edukitzea. Horien lana, gurasoak lanean dauden bitartean, haurrak zaintzea da, horrekin batera, etxerako lanak egiten laguntzea, eskolara eramatea eta jasotzea, beraiekin jolastea, eskolaz kanpoko  ekintzetara eramatea, etab. Lanean hasi aurretik, urte baterako kontratua sinatzen dute familiak eta Au Pair-ak, baina aurrerago, beste urte baterako luzatu dezakete.

Duela urtebete Au Pair izatearen abentura hasi nuen nik ere, izan ere, aukera bikaina iruditu zitzaidan ingelesa ondo ikasteko, herrialde ezezagun batera hurbiltzeko… Horrela, Boston hiriko familia bateko haurrak zaintzeko eskaintza onartu nuen.

Nire lan jarduna goizeko seietan hasten zen, umeak 7:30tan eskolan egon behar zutelako. Auzoan bertan eskola izan arren, 35 minututara zegoen ikastetxe pribatu batera kotxez eramaten nituen. Ondoren, arratsaldetan, eskola kanpoko jardueretara ere eramaten nituen. Egunean zehar kilometro dezente egiten nituen umeekin atzera eta aurrera; adibidez, eskalatzeko rokodromora joateko, 50 minutuko ibilaldia eta beste horrenbeste bueltatzeko egiten nituen.

Familiaren egunerokotasunean murgiltzen nintzen heinean, hemen, batez ere herri txikietan baloratzen eta bizi dugun gertutasuna (lantokira joateko, umeen eskolaratzean, aisialdian…  ) beraientzat zein arrotza zen ikusi nuen.

Bostonen bertan, ni bezala familia batean bizi eta lan egiten zuten  Au Pair asko zeuden. Elkar ezagutzeko Au pair-ak kontratatzen zituen agentziak bilerak antolatzen zituen, horrela, gure esperientziak elkarbanatzen genituen eta lagun taldetxoa egiteko aukera izan genuen.

Gure artean komentatzen genuenez,  familia guztietako haurrek 6-9 hilabete zituztenetik izan dute beraiekin bizi den zaintzaile bat. Beraz, horietako askok,  jaio zirenetik , bost bat Au Pair ezberdin izan dituzte. Hori jakinda, pentsa daiteke umeak autonomoak izango direla, baina ez, nik gertutik ikusi dudana kontrakoa izan da, haurrei dena ematen zaie eginda ez dute ia ezer aukeratzen, erabakitzen: eskolaz kanpoko ekintzak, zaintzailea, noiz, non eta norekin  jolastu… dena gurasoek erabakitzen zuten. Ez hori bakarrik, ez dute beti hezteko modu berdina jaso, izan ere, Au Pair bakoitzaren ohitura eta baloreetara moldatu behar izan dira.

Ondorengo lerroetan, neska horiek eta nik bizitako esperientziak kontuan izanda, zaintzen genituen haurren bizimodua, harremanak… nolakoak ziren azalduko dut.

BIZILEKUA ETA GURASOEN LANBIDEA

Esan bezala, Bostonen bizi dira haur horiek. Hiriburu handia dela kontuan izanda, familia batzuk kanpoaldeko bizitegi-auzoetan  bizi dira eta beste batzuk berriz, hiriaren erdialdean.

Gehienak goi mailako ikasketadunak eta prestakuntza handikoak dira: medikuak, ingeniariak, unibertsitateko irakasleak, izen handiko  enpresatako langileak… Hau da, erosteko ahalmen altua duten familiak dira. Familia eta lanaren artean, kasu askotan, bigarrenak duela lehentasuna esango nuke.

FAMILIA EREDUA ETA HARREMANAK

Familia ereduari dagokionez, aita, ama eta seme-alabek (ohikoena bi, hiru edo lau haur) osatzen dituzte familia horiek . Gurasoak 35-40 urte bitarteko adin tartean sartzen dira eta seme-alaben artean ez dago hiru urte baino gehiagoko  tarterik.

Haurren eta gurasoen artean ez da komunikazio handirik izaten, izan ere, gurasoek, lan kontuak direla eta, denbora asko pasatzen dute etxetik kanpo: goizean goiz irten eta egunaren amaiera arte. Horrela, gehienetan, haurrekin goizean eskolara joan aurretik eta gauean lotara joan aurretik egoteko aukera besterik ez dute izaten. Ondorioz, esan behar dut aste barruan zehar, ni izaten nintzela etxeko haurrekin denbora gehien pasatzen zuen pertsona. Horrela, denbora gutxira, Au Pair-a umeentzat erreferente bihurtzen da,  gertuko eta ziurtasuna ematen dien pertsonan hain zuzen ere. Hau da lan honek dakarren alderik ederrena, haurrekin lortzen den harremana eta hurbiltasuna.

Horrez gain, aita eta amaren arteko aurrez aurreko komunikazioa ere urria izaten da, gehienetan mugikorraren edo emailaren bitartez izaten delarik. Honelako egunerokotasunak dena ondo planifikatuta egotea eskatzen duenez, Au Pair-arekin ere normalean mezuen bitartez komunikatzen dira (etxe berdinean bizi diren arren).

Familiarekin jarraituaz, aitona-amonak Bostonen bertan edo inguruetan bizi dira baina, oso gutxitan elkartzen dira seme-alaba eta ilobekin. Bereziak diren egunetan batik bat, Gabon gauean eta Thanks Giving egunean.

Nire Bostoneko familia eta nire beste lagunen familien dinamikarekin ohitzen joan nintzen eta  denbora aurrera joan ahala, Euskal Herriko eta Bostoneko haurtzaroa bizitzeko eran eta familia arteko harremanetan, bereziki,  aldea sumatu nuen. Hala ere, Euskal Herriko familia harremanetan ere aldaketa antzematen dela esango nuke eta… ez ote gara gu euskaldunok ere epe motzean ozeanoaren beste aldetik datozen bizitzeko estilo  honetan murgilduta egongo?

Honezkero ausartzen naiz esatera lehenengo urratsak eta gehiago ematen hasiak garela.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: