RAINIER MENDIA

Seattlen  nagoenetik urrun baina aldi berean gertu ikusten dudan Rainier mendiak nire jakin mina piztu du, mendia baino sumendia dela eta gaur egun ere aktibo dirauela jakin dudanean.

Rainier 4392m-ko altuerarekin, Ameriketako Washington estatuko mendirik altuena da. 25 glaziarrekin, Ameriketako Estatu Batuetako glaziar gehien dituzten mendietako bat da gainera. Seattletik 87 km-tara dagoen arren, eguraldi ona egiten duenean hiriburutik oso ondo ikusi daiteke, eta benetan irudi erakargarria izaten dugu begi aurrean zerua oskarbi dugun egunetan, aukera asko izaten ez dugun arren. Hori dela eta, Washington estatuko sinbolotzat hartzen da.

Map_of_Washington
Washingtoneko mapa geografikoa, Encarta.

Sarreran esan dudan bezala, oraindik aktibo diharduen sumendia bada ere, azkeneko erupzioa 1894. urtean izan zen. Hala ere, bertakoengan ez dut kezkarik sumatu aktibo dagoen sumendi baten itzalean egotearren. Ez dut imajinatu nahi nolakoa izango litzatekeen larrialdi egoera bat jakinda zein populatua dagoen oso gertu dagoen Seattle-Tacoma zonaldea. Dirudienez USGSko zientzialariek (EEBBko Geologia Zerbitzua) gertutik egiten diote jarraipena eta momentuz ez da aurreikusten erupziorik; baina hori alda daiteke, azken finean sumendi aktiboa da eta zerbitzu honek Rainier Mendia  EEBBko alde kontinentaleko sumendi arriskutsuena izan litekeela adierazi izan du.

HISTORIA PIXKA BAT

Gaur egun Rainier izenarekin ezagutzen den arren, XVIII. mendera arte mendiaren inguruetan bizi ziren amerindiar tribuek ezarritako Takhoma/Tahoma/Tacoma izenarekin ezagutzen zen. Ondoren, 1792an Ameriketara joandako kolonizatzaile Europarrek Rainier izena ipini zioten, Ingalaterrako Peter Rainier almirantearen omenez.

Takhoma izenaren esanahiari dagokionez, hainbat interpretazio eta hipotesi daude, hona hemen horietako batzuk: Jainkoaren mendia, uren ama, ur izoztua, ura ematen diguzun hori… Ikerketen arabera, Salishan izeneko hizkuntzan du jatorria. Kanadako hego-mendebaldean eta Estatu Batuetako ipar-mendebaldean bizi ziren natiboen hizkuntzatik hain zuzen ere.

Amerindiar tribu horientzako oso garrantzitsua zen mendia, berarekiko lotura estua sentitzen zuten eta. Bertan egindako ikerketa arkeologikoek adierazten duten bezala, duela 9000 urtetatik bizi izan dira inguru horietan eta mendiak eta naturak eskaintzen zizkien baliabideei esker bizi ziren. Horrela, Takhoma mendian eta horren inguruetan, animaliak ehizatzen zituzten eta bertako landare eta zuhaitzek emandako fruta eta fruituak ere biltzen zituzten. Horrez gain, beraien sinesmen eta kulturarekin lotutako ospakizun eta errituak ere burutzen zituzten. Gaur egun ere, mendiarekiko sentimenduak bizirik dirau inguruko amerindiarrentzat eta beraientzat, oraindik,  Rainier mendiak Takhoma izaten jarraitzen du.

Honez gain Rainier Mendiaren  jatorrizko izena daraman eta handik gertu aurkitzen den hiriburu batek, Tacoma izena darama. Seattlekin batera aireportuari izena ematen diona hain zuzen ere, Seattle-Tacoma.

Seattle eta Rainier mendia
Seattle hiria eta urrinean, Rainier mendia

MOUNT RAINIER PARKE NAZIONALA

Dokumentuen arabera, europar kolonizatzaileak lehenengo aldiz 1870. urtean heldu ziren tontorrera. Ondorengo urteetan, hainbat mendizale hurbildu ziren asmo berdinarekin. Ostean, 1833. urtean, mendia jaisten zebilen James Longmire esploratzaileak iturburu  minerala aurkitu zuen mendi magalean eta “spadun” hotela zabaldu zuen bertan. Egitasmo hori eta mendiaren edertasuna, gaur egun ezaguna den Mont Rainier Parke Naturala sortzeko gakoak izan ziren. Horrela, herritarren gozamenerako, mendia eta bere ingurua babesteko eta dagoen bezala mantentzeko helburuarekin Parke Nazionala izendatu zuten 1899an.

616 km2 ditu Parke Nazional honek eta, zelai, baso, errekatxo, urjauziz… betetako inguruek osatzen dute. Gainera, guztira 416km dituen sendak aurki daitezke, inguruko edertasun amaiezinez gozatu ahal izateko.

GAUR EGUN

Parkea urte guztian irekita dagoen arren elurteak direla eta errepide batzuk moztuta aurkitzen dira. Hori dela eta sasoirik onena maiatzetik urrira bitartekoa da. Hala ere, urte guztian zehar milaka turista hurbiltzen dira ingurua bizitzatzera eta askoratiko ekintzak burutzera.

Gaur egun kanpoan kirola egitea gustuko dutenek aukera zabala aurki dezakete: bizikletaz egiteko ibilbideak, trineoan bidaiatxoak egiteko, fondoko eskia praktikatzeko, 416 kilometro inguruz osatutako  bidezidorretan zehar ibiltzeko, arrantzatzeko, eskalatzeko… Umeekin egiteko ekintza eta ibilbideak ere aurki daitezke.

Mendia eta inguruari buruz ikasteko nahia daukaten horientzat ere, Paradise bisitarien zentroaren eskutik informazio esanguratsua jaso eta mendiaren inguruan ikasteko aukera ere badago. Hori gutxi balitz, garai batean inguruan bizi ziren amerindiar tribu horiei buruz gehiago jakiteko eta egindako aurkikuntza arkeologiakoak bisitatzeko ere aukera dago.

Badago tontorrera igotzeko aukera ere, baina hori esperientziadun mendizaleek egiten dute. Izan ere, mendi arriskutsua da eta ez da edonor igotzeko modukoa. Horregatik, mendia ondo ezagutzen duten gidariekin bakarrik egin daiteke gailurra.

Beraz, Washingtoneko estatuko sinbolo den mendi honek duen xarma eta pizten duen interesa oso zabala da arrazoi desberdinengatik. Tahoma “Jainkoaren mendia”.

Rainier mendia (1)
Rainier mendia. Crystal eski pistetatik ateratako argazkia.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: